XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KAXKOPEL: Zuhurtziaz beteko aitatxi bat bezala mintzo zare.

Jo aintzinat!

MATTIN BIHOTZANDI: Elgar maitatzeak indar gehiago emanen dautzue, deneri etxean nausitzeko.

ZENTZULUZ. Hiru izeba sorgin hoik behar ditugu etxetik urrun igorri.

MATTIN BIHOTZANDI: Ez dut uste.

ZENTZULUZ: Badut aski jasanik.

Ez ditut gehiago ikusi nahi ere.

KAXKOPEL: Kalma, kalma.

Entzun Mattin-en erran zuhurrak.

MATTIN BIHOTZANDI: Ez ditezke etxetik igor; etxekoak dire hek ere.

ZENTZULUZ: Zer egin beraz?

Gakoz eman?

MATTIN BIHOTZANDI: Ez.

Hek ere maitatu.

ZENTZULUZ: Maitatu?

KAXKOPEL: Ainixko da hori...

MATTIN BIHOTZANDI: Maitatzeak bihotzak aldatzen ditu, bihotz gogorrenak eztitzen.

ZENTZULUZ: Hiru atxo hoik hemen direno, ez da bakerik izanen etxe huntan.

Heiek dituzte mutilak eta neskatoak nahasten eta elgarri jazar-arazten.

MATTIN BIHOTZANDI: Bai hori da.

Izebak aldatzen eta baketzen badire, mutil eta neskatoak bide xuxenean sartuko dire.

ZENTZULUZ: Zer egin ba?

MATTIN BIHOTZANDI: Orai arte hiru izebak hastiatu ez ditutzuenean, jasan ditutzue eta ez sekulan maitatu.

ZENTZULUZ: Diren bezalakoak ikusiz, ez da harritzekorik.

Bainan, Mattin...

KAXKOPEL: Ixil, emaztekia, ixil.

Entzun zazu.

MATTIN BIHOTZANDI: Diren bezalakoak direno, ezin maitatuak dire; bainan hasten bazare heien maitatzen eta maite ditutzula heieri erakusten, bihotz barnean duten on hura loratuko zaiote.

ZENTZULUZ: Ba ote dute horiek bihotzean onik?

MATTIN BIHOTZANDI: Bai denek badute, ez iduririk ere, zerbeit onik; eta, ez balute, behar zaiote eman, gure amodioaz erein.

KAXKOPEL: Ederki mintzo zare, Mattin; bainan, zure ustez, zer egin behar ginuke orai?

MATTIN BIHOTZANDI: Lehenik hiru izebak, mutilik eta neskatorik gabe, mintzatu; gero mutil eta neskatoak bildu.

KAXKOPEL (Mattin-i): jauts-arazkitzu, beraz.

ZENTZULUZ: Jadanik?

KAXKOPEL: Bai, elgarrekin aski indar izanen dugu heien mintzatzeko.

Ez bagare hortaratzen, akabo etxea eta gure haurrentzat zer kaltea!

ZENTZULUZ: Nahi duzun bezala.

(Mattin badoa, hiru izeben bila)

KAXKOPEL: Aitortu behar dugu: ez zela holakorik gertatuko, beti bihotzez bat egon bagine.

ZENTZULUZ: Gure bihotzak ez dire, dakitanaz, sekulan elgarretarik berezi.

KAXKOPEL: Ez; bainan ez zuten behar bezenbat amodio.

Ez zituen nahikundea eta gogoa amodioak aski azkartzen, aski argitzen.